XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fedearen erregela Apezpikuaren irakaskuntza ez da edozein irakaslek emango lukeena bezalakoa.

Eskritura eta Tradizioari lotua behar du egon, gainera.

Baina hau ere esan behar da: Fedearen erregela hori ez da Elizatik kanpoan kokatu behar, erregela horrek Eliza kanpotik epaituko balu bezala.

Izan ere, bada senidetasun bat Kristok jarritako ministerioaren eta egiazko fedearen artean.

Egiazko fedea eta Tradizioa mantentzea, ministerio horri agindurik dago.

Senidetasun hau ez da beti eta kasu denetan gertatzen, baina Elizaren egintza nagusienetarako seguraturik dago.

Gizakiak hilkor garenez gero, Apostoluei egotzitako egitekoak mendeetan barna iraungo baldin badu, ondorengoak behar dira.

Kristok Apostoluak hautatu zituen, eta Apostoluek beste batzuk jarri zituzten, beren ondotik lan bera egin zezaten, eta horiek beste batzuk, eta beti horrela, Elizak eta munduak dirauten artean.

San Pazianok egoki dioenez IV. mendean, Apostoluen egitekoa Apostoluekin bukatu balitz, ezingo genuke ez eta bataiatu ere.

Gizakiak hiltzen dira, baina egitekoak eta egitekoari dagokion autoritateak zutik segitzen dute.

Suzesioa esatean, ondare bat, seniparte bat esan nahi dugu.

Gizonak Kristogana erakartzea: hau da xedea, zeren Berau baita Jainkoaren eta gizonen arteko zubia.

Eta Kristorekin har-emanean jar gaitezen, Apostoluak ditugu bitarteko.

Ez dira hauek gu-gerok asmatutako erretolikak, Kristo berak jarritako baldinkizunak baizik.

Elizak badu alderdi bat gizatiarra, historikoa, nahiz eta iturburua goian izan.

Eta honetan ere Kristorekin berarekin du antza; ezen Hura ere Jainkoaren Semea izanik, haragitu eta mundutartu zen.

II. mendean Apostolutasunaren kontzientzia bizi-bizia ageri da Elizan.

Ez alferrik. Gnostikoak bere gisako mistika bat eta kristautasun suerte bat zabaldu nahiz zebiltzan.

Elizak, arrisku horietarik gordeko bazen, Apostoluekin eta Kristorekin lotzen gaituen lokarria argi osotan jarri behar zuen.

San Ireneo gailurtu zen lan horretan.

Esan dezagun, bukatzeko, Apostolutasuna, Elizaren hezurrajea edo bizkar hezurra bezala dela.